sábado, 9 de febrero de 2013

Emozioak eta Haurrak


Benetan lagungarria da haurrengan txiki-txikitatik emozioen ezagutza eta erabileraren trebakuntzari lotutako ohiturak bultzatzea. Horretarako, ezinbestekoa da eskolen zein gurasoen partehartzea, inplikazioa eta lana.

Adimen emozionalaren garapenari esker haurrak hobeto jasan ahal izango ditu bere bizitzan eman daitezkeen aldaketek (gurasoen banaketak, heriotzak, etxe-aldaketak, ...) sortutako frustrazioak, horiei aurre egitea ahalbidetuz. Era berean, etorkizunean, besteekiko erlazioen garapen hobea izatea ahalbidetzen du, bai arlo familiarrean, bai sozialean eta bai lan arloan.

Ikasleekin emozio ezberdinak lantzeko ipuin oso interesgarria proposatzen dizuet, “Pozik”. Hala ere, material anitz aurkitu eta aukeratu dezakegu. 

 “Mundura sortzen garen unetik, sentimenduak ditugu. Batzuetan atseginak, bestetan gogaikarriak. Liburu honetan murgildu ahala, arraintxoek jakin-mina izatetik triste izatera eramango gaituzte, baita ausart, lotsati, harro, haserre, eta, azkenik, zoriontsu izatera ere. Pozik liburuak aukera ematen digu guztioi, helduoi zein txikioi, gure sentimenduak ikusteko, gozatzeko eta haiei buruz mintzatzeko.




Gorputza eta Emozioen adierazpena

Gorputzaren bidez (atalak, aurpegia, jarrerak, etab.) gure emozioak eta afektuak adierazten ditugu. Izan ere, hitzen bidez sentimenduak ezin dira gorputzaren bidez bezain “ongi” eta “garbi” adierazi.
Nola sentitzen garen kontatzen ari garenean gure gorputz-adierazpena ez badator bat sentimendu horiekin, guri begira dagoenak sinesgarritasun handiagoa emango dio gorputzaren eta aurpegiaren adierazpenari gure hitzei baino, konturatu gabe. 

Horren adibide argia ikusi ahal izateko, hona hemen telesail baten lehenengo kapitulua. http://www.shurweb.es/videos/mienteme-lie-to-me-1x01/

Oinarrizko emozioak

Oinarrizko emozioak honakoak direla jakinda:

- Haserrea
- Beldurra
- Nazka
- Poza
- Tristura
- Harridura

... Jarri emozio bakoitzari bere izena.


Adimen emozionalaren prozesuak

Peter Salovey eta John Mayer (1990) adituek pertsona arteko eta pertsona barneko adimenari Adimen emozionala izena jarri zieten. Adimen emozionala izatea hiru ezaugarri nagusi biltzea esan nahi zuela proposatu zuten:
o      Norberaren emozioak eta gainerakoenak hautematea.
o      Hauteman diren emozio horiek ulertzea, bai norbanakoarengan bai gainerakoengan (enpatia).
o      Aurretik hauteman eta ulertu diren emozio eta afektu horiek erregulatzeko gaitasuna.
Baina beranduago, ezaugarrien inguruko aurreko definizioak sortzen zituen zailtasunak gainditzeko asmoz, egile horiek Adimen emozionalean nahastutako prozesuen sailkapen berri bat proposatu zuten:

1. Emozioa hautematea, baloratzea eta adieraztea

o      Norberaren emozioak portaera, sentimendu eta pentsamenduetan identifikatzeko gaitasuna.
o      Besteengan emozioak identifikatzeko gaitasuna, artean… hizkuntza, soinu, itxura eta portaeraren bidez.
o      Emozioak era egokian adierazteko eta sentimendu horiekin lotutako beharrak komunikatzeko gaitasuna.
o      Emozioen adierazpen zehatz eta zehaztasunik gabekoak, zintzoak eta zantarrak bereizteko gaitasuna.

2. Emozioak pentsamendua errazten du

o      Emozioek pentsamendua lehenesten dute arreta informazio garrantzitsuan jarriz.
o      Emozioen intentsitatea baliagarria izan daiteke sentimenduak oroitu eta baloratzeko.
o      Aldaketak gogo-aldartean pertsonen baikortasun eta ezkortasunean eta ikuspuntu desberdinen kontsiderazioan eragina dute.
o      Egoera emozionalek arazoei aurre egiteko era suspertzen dute (adib.: zoriontasunak sormen-arrazoiketa errazten du).

3. Emozioak ulertu eta aztertzea, ezagutza emozionala erabiltzea

o      Emozioak etiketatzeko eta emozioen eta irudikatzen dituzten hitzen arteko harremanak aztertzeko trebetasuna (adib.: sinpatia eta maitasunaren arteko harremana).
o      Harreman emozionaletan esanahiak interpretatzeko gaitasuna.
o      Aldibereko sentimendu konplexuak ulertzeko gaitasuna (maitasuna-gorrotoa; beldurra-harridura).
o      Trantsizio emozionalak antzemateko gaitasuna (adib.: suminetik gogobetetasunera; edo suminetik lotsara).

4. Emozioen erregulazioa emozioa eta adimena areagotzea sustatzeko

o      Bai sentimendu atseginak bai ezatseginak onartzeko gaitasuna.
o      Emozioetara hurbildu edo horietatik urruntzeko gaitasuna, bere baliagarritasuna edo ematen digun informazioa epaitzeko dugun eraren arabera.
o      Emozioak norberarekiko eta besteekiko monitorizatzeko gaitasuna (adib.: argiak, eragin handikoak, zentzuzkoa… diren antzeman).
o      Norberarengan eta besteengan emozioak erregulatzeko gaitasuna; plazera ematen dutenak areagotuz eta ezkorrak neurtuz, ematen diguten informazioa ito edo puztu gabe.


Adimen Emozionala


Askotan entzun izan dugu Adimen Emozionala kontzeptua, are gehiago azken urte hauetan, modan dagoela dirudi eta. 

Baina... Zer da Adimen Emozionala??


Norbere emozioez jabetzea da, horiek identifikatzea eta ulertzea; baita besteenez jabetu eta haiek identifikatzea ere.

Gure bizitza eta lana helmuga pertsonaletan (ametsak) oinarritzea da, nork bere burua motibatzea eta besteekin harreman emankorrak izatean datza (elkarbizitza).


Duela urte batzuk arte, pertsonaren adimenaz hitz egin denean, adimen kozienteaz hitz egin denean, bi adimen mota hartu izan dira kontuan: hizkuntzarako adimena eta logika-matematikarako adimena. Beraz, orain gutxi arte, bi adimen mota horiek baino ez dira kontuan izan pertsonaren “inteligentzia” baloratzeko. Gaur egun, ordea, azken teoria eta ikerketa guztiak kontutan izanda, Howard Gadner-en ”Adimen Anitzen Teoria” batik bat, argi gelditu da pertsonak ez duela adimen mota bat bakarrik. Ikerketek frogatu dutenez, pertsonak beste adimen mota batzuk ere izan ditzake eta bere bizitzan zehar arrakasta izateko pertsonak trebetasun edo-eta adimen desberdin horiek behar-beharrezkoak ditu.


Adimen edo inteligentziaren inguruko kontzepzio edo ikuskera aldaketa horrek sekulako eragina izan du hezkuntza mailan. Ikuskera desberdin horren arabera, jada edozeinek onartzen du hainbat arlotan zailtasunak dituen ikasle batek beste arlo batzuetan trebea izan daitekeela eta, beraz, eskolak trebetasun edo gainerako adimen mota horiek antzeman eta horiek garatzen lagundu beharko liokeela ikasleari. Zeregin hori, baina, ez da batere samurra! Izan ere, horretarako, orain arte baliatu ditugun lan-prozedurak, estrategia metodologikoak… alde batera utzi beharko genituzke eta berri batzuen bila hasi.



... EMOZIOAK GESTIONATZEN...